Euskal Herria a la Mercè 08

Posted in design by igotz ziarreta

Euskal Herria a la Mercè 08 Barcelona - Deabruk.com Comunicació gràfica

Argitasunaren osteko iluntasuna [ Sergio Escribano ]

Posted in others by igotz ziarreta

Argitasunaren osteko iluntasuna

“Bost hogorleko”, “bost hogorleko, eskerrik asko”, kale grisetan gora, inoiz ez bezalako gogoz, larritasunez betea, sentimendu arraroa, azkenean. Farmaziako atea esku dardartsuekin irekitzen dut bat batean, aurpegi ximel eta era berean zoriontsua, pentsamendu bakar bat. “Xiringa bat” “Zenbat da?”, “tori, gelditu soberekin”. Ukimenak sentsazio bat sorrarazten dit, antsia geldiezina, dardarkadak, izerdi beroa, erritmo bizia.

Eszenatokira heldu naiz, laster batean; oinetan motor bat banu bezala, motorra ordea buruan kokatzen da, organismo osoan kokatzen da; antsia izugarria, beharrizan kontrolaezina. Poltsikotik ateratzen dut pixa, pix magikoa, pix gardena, pix hiltzailea. Xiringa mahai gainean pixaren ondoan, plastikua besoan odola geldituaz. Sartu aurreko sentsazioa ez, antsia, antsia bizia; pentsatu gabe sartzen dut punta besoan, sartu da azkenean, sentitzen dut, lehen bombeoa, bigarrena, aaagh… Xiringa indarrez jaurtikitzen dut hormaren kontra, ohe gaina zapalduaz, balkoira irteten naiz, bertako sofa zaharkituaren gainean erortzen dut gorputza.

Zein polita den guztia, zuhaitz berdeak, landaretza bizia. Etxe galdu hura, landaretzak ezkutatua, landaretza guzti haren bihotza, barnealde sekretua. Hiria urrun, lantegiak kilomeetroetara bere kearekin, jende multzoak dendeetan sartuak hirian, hirian, polis-is, hiria.

Kea ikusten da hiriaren zaindari bezala, hiriaren beharrezko substantzia bezala, kea, nere lehen kontzertua gogoratzen dit keak. Nere lehen larritasunak jendearen aurrean, herriko jaietan, inori huts egin nahian, onena sentitu nahian, musika egin eta sentitu nahian, nahian, nahian. Nahi hura egi bihurtu zen, gau hartan eszenatoki haren gainean, mundua jan genuen ordu batez gutxienez, musika egin eta sentiarazi genuen. “Bizitza aurre egiteko burrukatu beharrak ematen dizkizu jarraitzeko gogoak, sistema honetan dena da beltza edo…”. Bizitza Krudela ja, ja, gure lehen abestia. Gure lehen ilusioa, gure lehen indar adierazlea. Lehen kontzertu hura, ahaztezina. Elefante bat, ja, ja, ja, ja, ja, ja. Gazte denborak, arrakasta, alkohola, manifak, neskak, kontzertuak, a zer nolako denborak! Irratian hitz egin genueneko egun hura burura etortzen zait, beste talde bategatik elkarrizketatu gintuztenean, zuzenean, a zer nolako barreak, mortala!

Zigarro bat, zigarro bat behar dut, ahh.., orain. Zigarrotxo bat, neska hark eman zidan zigarrotxoa, neska hark eman zidan guztia, neska hark sentiarazi zidan guztia. Nola ahaztu. Bere begiak , bere bularraldea, bere esku lerdenak, bere ezpain gorriak. Bere ahots ahots ahula, bere ile luzea. Bere garrasi leunak nire gainean jartzen zenean, hura? egiten genuenean, bere mundu misteriotsua. Azken batean, bera. Bere begiradak nire ama gogorazten zidan, nere ama maitagarria. Txikia nintzenean zaintzen eta saritzen ninduena, laguntzen ninduena, orain nitaz ezer jakin nahi ez duen ama berbera, baina azken finean nere ama maitagarria. Eskolatik zapatak zikin ekartzen nituenean bronka botatzen zidana, etxekolanak egiten laguntzen zidana. Egun hartan nire lagunarekin jo nintzenean barre egin zuen ama berbera. Nota onak ekartzeagatik musukatzen ninduen pertsona, “bostak” nota txar bezala kontsideratzen zituen berbera. Solfeora pozik joan nendin saiatzen zena, fede haundia zuena.

Txori bat entzuten da laugarren zuhaitzaren  adarretik kantari dabilena. Pinguino bat eztulka. Eguzkia sartzear dago, nekaturik dago eguzki maitea, ni gure Europatiko “Tour”ra bukatu genuenean bezain beste. “Tour” ikusgarria, euskal talde gutxik egin izan duena, heroi gisan, mundua jan nahian, gazteak ginen. Dinosauroarekin kontuz erizaina. Ja, ja, ja. “Tour” bikaina baina nekagarria. Euskal Herrira bueltatzean egin genuen kontzertua grabatua geldituko zait betirako. Jende kopuru izugarria, muntaia itzela, diskoetxe multinazionalak belarria jarrita, telebista eta guzti. Ate nagusitik irten ginen gau hartan, toreroak gisara, baina inor erail gabe. Nire bizitzako momenturik zoriontsuena. A zer momentuak.

“Ez gehiago ez” etortzen zait burura, O.H.O.-ko 4.mailan maisuak etxekolan pila bat bidaltzen zituen garai hura. Mutil jatorra eta ikasketetan aplikatua nintzeneko garai hura. Mutil koskorra nintzen garai hartakoa. Buruan futbitoa eta ikasketak besterik ez nitueneko garaia, txoriak aparte. Bizitzari aurre egiteko burrukatu beharrak… ja, ja, ja. Aurrera  Livingstone doktorea.

Pintxo, pintxo, gure txakurra da ta.

Euliaren txistearen elefantearen izena zapaldu duzu.

Kaletik bazoaz, kontuz ibili superman.

Neskak, neskak nituen gogoko garai haietan, denak gozatu nahi nituen, denak probatu, zu heldu zinen arte, ikuspegia aldatu arazi zenidan arte, zure hitz leunekin. Zeu zera. Zeu zinen. Zeu izango zara bai. Zure beharra? Ez. Goazen lo egitera snoopy.

Eguzkia sartzen ari da, iluntasuna basoaren jabe egiten da, hiriaren argiak urruntasunean ikusten dira, beste mundu bat balira. Hiru ordu pasatu dira pix hiltzailea sartu nuenetik eta txarto sentitzen ari nahi jada. Ez da ezer izango. Elefante bat, ez joan elefante ez utzi bakarrik.

Bakardadea nagusitu da iluntasunarekin batera, ezinegon haundi batekin batera. Ezinegona, kontzertu gehienetan sentitzen nuena, hainbeste jende aurrean ikusita, heroinara bultzatu zidan ezinegon berbera, nere gurasoei lapurtzera bultzatu zidan ezinegon berdina, zeurekin orain egotea oztopatu duen ezinegona.

Hezurretako mina, buruko mina. Buruan airea sartu balitz bezala sentitzen naiz, norbaitek puzten ari duen globoa bezala. Zerbait igotzen ari zait eztarritik gora. Agur erizaina, zuk ere usten nauzu.

Zure beharra sentitzen dut, askotan ezetza eman badut ere, orain inoiz baino gehiago, txarto sentitzen naiz. Haserretu egiten ginenean bezala, zuk beti arrazoia eduki nahi zenuenean bezala, zure amak nirekin egotea debekatu zizunean bezala. Zergaitik ez zen geurea ondo irten? Ez dut jakingo, beti jarraituko dut zurekin ametsetan. Zeure beharra dut, zeure eskuak nere eskuen gainean jarri nahi ditut, berotasuna eman nahi dizut. Burua zeure buruarekin ukitu nahi dut, hemen zaudela ziurtatzeko. Ez zaude. Ez zaude nirekin. Inoiz gehiago ez zara nirekin egongo. Ez, ez, ez dut hau merezi; bai merezia dut. Livingstone zuk ez alde egin, ez!

Etsita sentitzen naiz, ilea ebaki zidaten egunean bezala. Ama, nik ez nuen nahi, zuk behartu ninduzun. Ezin nuen ezetzik eman, nola nire ama maitagarriari ezetza eman? Nola beti mimatu eta zaindu nauen amari nik benetan nahi nuena esan? Ez, ez dut horretan pentsatu nahi. Haurtzaroa, gura eta sistemaren biktima nintzeneko oroimenak. Nire pertsonalitatea ezabatu zidatenean, urrezko urteak, kontrolpean neukaten garaiak hobe ez gogoratu.

Begiak ixten zaizkit, heroina zakar hau probatu nuen lehen aldia bezala, baina orain beste gauza bat espero dut, gauza hobea, begiak ixten ari zaizkit, argia iluna bihurtu da, zerbait hoberen esperantzak. Bai, egun hartan izan zen, kontzertu hartan probatu nuen lehenengoz, ezin genuen huts egin eta… Dena hondatu zidan, kontzertu ona bai, baina nere bizitza osoa pikutara bota nuen. Adikzioa sartu zitzaidanean taldetik bota ninduten, eta beste bategatik aldatu. Etsipena.

Begiak guztiz itxi zaizkit, nere gorputza arraro sentitzen dut. Uste dut badakidala zer den, pozten naiz bere etorreraz, arinago etorri behar izan zuen arren. Taldetik bota ta gero zu zinen gelditzen zitzaidan gauza bakarra, zu zinen niretzat guztia… ez, gezurra. Hori zen, bai, orain zainetatik dabilkidan gauza hori. Gauza horrek hondatu zidan guztia. Ez, ez. Zure eskuak sumatu nahi ditut ileetan zehar, behera eta gora behar zaitut.

Txoriak joan dira lo egitera, utzi egin naute beste guztiek bezala; inork ez bezala, itxaropenez, itzultzeko itxaropenez. Barnekaldea inoiz baino lasaiago daukat, inoiz ez bezala ez dit minik ematen.

Uste dut badatorrela azkenean, badatorrela sagu txuria panpoxtasun larriarekin, badatorrela neu askatzera, hemendik ateratzera, pakea proposatzera, akatsetatik ikasi dudan galdetuz. Bai ikasi dut, ez naiz mundu hontan ezer gehiago egiteko gai, horregaitik dator. Ala ez? Sistema hontatik askatzera dator agian, heroinaren bidez aldi batez utzi nahi nuen sistema hontatik ateratzera, borrokatuz ere alde ezin izan nuen sistema hontatik askatzera; nire papera beteko nuen alegia. Borrokan saiatu nintzen gazte denboran, bai gogor saiatu ere.

Zeinen ondo nagoen, sagutxo zeinen gogoko dudan zure etorrera. Pena arinago etorri ez izana, gogoratua izateko mundu hontan ez abeslari etsi bat bezala baizik eta abeslari bat bezala. Bai borrokan saiatu nintzen, sistema hau aldatu nahi nuen, dena aldatu, dena nik amesten nuen erara aldatu. Baina azkenean zuen jokoan erori nintzen bai. Zuen, goikoen esklabuetako bat bihurtu nintzen, zuen droga adulteratua erosiz, zuen banketxeetako diru kopurua haundituz, zuen jokuan eroriaz ume tentel bat bezala. Ez nuen jakin burrukaren goren puntuan gelditzen, alde batetik bestera pasatu nintzen muga ikusi gabe, zuen lurralde ilunean sartuz, zuen pentsamendura hurbilduz. Bai, zuen pentsamenduetan dirua, dirua zegoen bitartean neurean heroina, droga zegoelarik.

Ah! Bai heldu zera sagutxo bai. Snoopy, elefante, livingstone doktorea denak hemen zaudete. Ama ez dut ilea ebaki nahi. Maitia ez alde agin. Bizitzari aurre egiteko burrukatu beharrak ematen dizkizu jarraitzeko gogoak. Agur, agur beldur guztiak eta kaixo askatasuna.

Textua: Sergio Escribano [ 1993an idatzia ]
Argazkia: Igotz Ziarreta
Jeitsi PDF bertsioa [ 2mb ]